Eibarko Klub Deportiboa. 100 urte herritarrekin

Ez da erraza aurten ehun urte betetzen dituen Eibarko Klub Deportiboa bezalako elkarte baten historia orrialde gutxi batzuetan biltzea, baina gaur egun zer den ulertzeko beharrezkoak dira hainbat pasarte eta aldaketa gogora ekartzea edo ezagutzera ematea, Deportiboak ere, gure gizarteak eta munduak bezala, aldaketa ugari izan baitu mende bateko bere ibilbidean. Gauza guztiek bezala, Eibarko Klub Deportiboak ere bere hasiera izan zuen.

Klubeko artxiboan dagoen lehen akta liburuan ikus dezakegu 1924ko urtarrilaren 30ean klubaren fundazio bilera egin zela. Candido Arrizabalagak gidatu zuen bilera hartan, atletismoa, txirrindularitza eta mendia gustuko zituzten pertsonak biltzea helburu zuen talde bat sortzeko nahia azaldu zen, bai eta irteerak animatuko zituzten koruak sortzea ere.  Hiru kirol hauekin hasi zen kluba, beste batzuk ere pasatu dira eta asko oraindik ere (Pilota, Urpekaritza, Xakea, Eskia, Espeleologia, Squash), Kultur eremuan ere jardun da (Kezka dantza taldea, Argazkilaritza, Kultura, Artxiboa) eta une batzuetan lan handia egin du beste arlo batzuetan ere (Liburutegia, Igeriketa…).

Taldea “Club Deportivo de Eibar” izenpean sortu zen, eta Jose Lascurain lehendakari arituko zen gobernu batzordea osatu zen. Horrez gain, bileran lotu zen kontu bakarra bazkide kuota izan zen, eta haren prezioa pezeta eta erdian ezarri zen. Beraz, urtarrilaren 30 hartan klubeko lehen pausuak eman ziren hiru kirolen inguruan, eta gaur egun kiroletik haratago doan elkarte baten bidea hasi zuten.

Gaur egun ezin dugu ulertu gure herria txirrindularitza lasterketarik gabe, eta horren erakusgarri dugu urtero Eibar txirrindularitza munduaren erdigunean ipintzen duen Itzuliko etapa. Baina honaino iristeko bide luzea egin da, eta bide hau ezin dugu ulertu kluba sortu berri zela lasterketak eta pedal egunak antolatzeko zegoen gogoa ezagutu gabe.

1924an bertan “Fiesta del pedal” deiturikoa ospatu zen, eta Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin zein inguruko herrietako txirrindularitza elkarteekin lasterketak eta jaiak antolatzeko sarea azkar sortu zen. Herri haien artean Durango edo Bergara nabarmendu ditzakegu eta baita Txapel-Gorri Kirol Taldea, SD Urazurrutia edo Gallartako Sparta Cluba ere.

Anekdota gisa jai haietan egiten ziren “Carrera de lentitud” deiturikoak azpimarra ditzakegu. Bitxikeriak Untzagan egindako lehen pedal egunean izan ziren; izan ere, 200 metro egiten denbora gehien ematen zuenak irabazten zuen.

Gerra ondorengoa da, aldiz, herrira txirrindulari profesionalak erakarri zituen lasterketa antolatzeko erabakia. Klubak aurretik ere beste karrera batzuetan kolaboratu eta antolatze lanak egin zituen. Baina azpimarratzekoa da klubaren izena munduan zehar zabaldu zuen Arrate Igoera. 1941eko apirilaren 20an I. Arrate Igoera ospatu zen “Finalista Eguna” bezala ezagutzen dugun festaren barnean. Lehenengo edizio hartan ez ziren txirrindulari profesionalak lehiatu, baina ez zen denbora asko pasa Bahamontes, Pulidor eta haien antzeko mailako txirrindulariak gure herriko maldetan ikusi ahal izan genituen arte. Arrate igoeraren historia Juan Gisasola “Txoko”ri eta haren lan taldeari lotutako bitxikeria eta makina bat pasarterekin lotuta dago. Haren harira datoz, nahiz eta aldaketa askoren ondoren, beranduago ospatuko diren Euskal Bizikleta eta gaur egungo Euskal Herriko Itzulia(!!).

Mendiaren ingurukoak dira lehenengo urteetatik eta gaur egun ere klubera jende gehien erakartzen duten jarduerak. Ezin daiteke Eibarko Klub Deportiboa ulertu, mendiarekin duen lotura ulertu gabe. Mendiarekin lotutako lehen jarduera 100 mendien lehiaketa izan zen. 1925 eta 1929 urteen artean Euskal Herriko ehun mendi igo behar ziren eta urte bakoitzean igo beharreko hogei mendien fitxak bete.

Gerra aurretiko momentu haiek oso lotuta egon ziren emakumeen parte hartzearekin, mendiko konkurtsoetan, bizikleta karreretan, direktibako partaide lez…

Garai hartan ez zegoen gaur dugun teknologia aurten 312 mendiak igo direla ziurtatzeko, beraz dagoeneko gazteenek zertarako diren ez dakiten mendiko buzoiak erabiltzen ziren. Buzoietan txartela uzten zen klubaren eta bertan zeuden gainontzekoen datuak jasota; ondoren beste klubetara txartel hauek bidaltzen ziren eta horrela mendizaleak mendi haietara igo zirela egiaztatzen zen. Pertsonak gogoratze aldera, ezin dira aipatu gabe utzi Indalecio Ojangurenek utzitako mendi, kirol eta inguru ezberdinetako argazkiak. Zaila da kalkulatzen zenbat argazki atera zizkion bere buruari berak sortutako sistemarekin mendi tontor ezberdinetan. Klubaren artxibo fondoaren altxor handi bat dira argazki hauek.

Baina lehen aipatu dugun bezala, mendiak hasieratik erakarri du jendea eta nabarmendu da haren inguruko jarduerengatik. Herritarrekin lotutako kluba izan da beti. Sasoi hartako klub batzuek lotura zuten alderdi politikoekin. Deporra, aldiz, alderdi guztietatik aldendutako kluba izan da. Klubaren sorreratik eta gaur eguneraino ehundaka irteera antolatu dira, inguruko mendietara zein urrunago daudenetara, gazte zein helduagoekin. Hori balio handikoa izan da klubarentzat, ehun urtetan zehar jendea elkartzeko ahalmen handia eman diolako, elkarte izaera sendotuz eta komunitate sortuz.

Sorrerako kirolekin bukatzeko, atletismoa geratzen zaigu. Gaur egun martxan jarraitzen du atletismo taldeak, hasierako beste aktibitateek bezala, herriko gazteei kirol hau ezagutu eta praktikatzeko aukera ematen. Bertan aritutakoa da azken olinpiar jokoetan parte hartu zuen Odei Jainaga atleta eibartarra. Hala ere, aprobetxatu beharra dago argi uzteko klubaren filosofia ez dela eliteko kirolariak ateratzeko helburuarekin aritzea. Filosofia beti izan da, baliabideak edozein izanda ere, erraztasunak ematea gustuko jardueretan parte hartzeko. Bide honek norbait elitera bideratzen badu, klubetik beti erraztasunak eman dira horretan jarraitzeko. Gure herrian atletismoari buruz hitz egiteko, aipatutako filosofia izan duten pertsonak ditugu, eta Marcial del Amo edo Ima Urkiola aipatu beharrean gaude, klubaren barnean atletismoaren alde lan asko egin duten pertsonak. Bizitza osoa eman zuten herriko atleta gazteekin txapelketa batetik bestera lagunduz eta atletismoa sustatuz, eta oraindik ere nabaritzen da atletismo taldean beraiek transmititutako kirol honekiko maitasuna.

Atletismoaren inguruan aipatu beharreko derrigorrezko beste izen propio bat Luis Bolumburu da. Tuberkulosiaren ondorioz hildako atleta gaztearen omenez urtero Olabeko zelaian ospatzen den lasterketak gaur eguneraino iraun du, bidean aldaketa ugari izan baditu ere. Lehen edizioa 1944 urteko urtarrilaren 24an ospatu zen Eibarko kaleetan zehar. Lehen edizio hartatik 80 urte pasa direnean, Eibarko atletismoaren oinarrietako bat dela esan dezakegu eta inguruko kros atletarik onenak biltzen ditu.

Hasieran esan dugun bezala, nahiz eta elkartearen izena Eibarko Klub Deportiboa den, kiroletik haratago doa bere jarduera garatzerako garaian, eta horren erakusgarri da kulturgintzan klubak duen garrantzia. Honek ere bere ibilbidea izan du klubaren mende bateko historian. Eibarren denok ezagutzen ditugu maiatzeko azken asteburuan ospatzen diren Euskal Jaiak, eta jende askok jakin ez arren, jai hauen antolakuntzan Klub Deportiboa aritu da 60ko hamarkadatik aurtengo 59. ediziora arte. Horrez gain, herrian horren ezaguna den Kezka dantza taldea ere klubetik sortua eta bere parte da, gure herrian euskal dantzak eta euskal kultura bultzatzeko ezinbesteko lana eginez. Kultura arloan ezin ditugu ahaztu argazkilaritza taldekoak ere, klubaren jarduna dokumentatzeaz gain, erakusketa, txapelketa sozial eta bestelakoetan parte hartuz erakusten dutelako gure egunerokotasuna eta aktibitatea.

Hala ere, esan bezala, klubak kirola baino ikuspegi askoz zabalagoa izan du hasiera-hasieratik. 1924 hartan aipatutako koruez gain, eta 50eko hamarkadaz geroztik, Juanito San Martin buru zela zabaldutako bide oparoa. Erakusgarri nagusiak izan dira hasierako boletinak, Kezka aldizkaria, zein 100 urte hauetako argitalpenei emandako bidea.

KEZKA aldizkariaren lehen alea 1964 urtean argitaratu zen, eta azken urteetan garai berrietara egokituz, kluba bere argitalpenak formatu digitalean web orriaren bitartez ateratzen joan da. Artxiboan geratu zaizkigu Kezka aldizkari hauetan argitaratutako milaka hitz eta artikulu.

Bertako artikuluak ez ziren soilik kirolari buruz jarduten; garaian garaiko kezkak eta bestelako gaiak ere jorratzen ziren bertan. Honen erakusgarri ditugu 1973 urtean argitaratutako XII. aleko “Eibar lehen eta orain” edo 1967 urteko VI. aleko “Clima del club” deiturikoak.  Lehenengoan Eibarko gazteen eta euskararen erabileraren inguruko gogoeta egiten da, eta bigarrengoan, aldiz, Amaia Aseginolazak emakumeek klubean izan beharko luketen paperaren inguruan hausnartzen du. Ikusten dugun bezala mende erdi baino gehiago pasatu arren, klubeko bazkide berriek orduko gai berdinak jorratzen eta lantzen jarraitzen dute. Horrez gain, askok agian jakingo ez duten arren, klubak urte hauetan kultura sustatzen zuen, bere argitalpenez gain, bere liburutegi propioa antolatuz, kultura denon eskutara gerturatzeko asmo argiz. Klubak betidanik munduarekiko izan duen ikuspegi honek adierazten du prest egon dela eta jarraitzen duela munduko zein Eibarko aldaketa soziologikorako. Garrantzitsua da eraikitzen saiatzen dela aldatzen doazen balioen gainean, jende mota ezberdinarekin kolektiboa sortuz, lagunduz eta parte hartzera animatuz. Paradogikoki  askotan gure mendeko balioen aurka ere lan egiten du klubak; kapitalak agintzen duen munduan, lana pasioz eta musutruk eginez, argi du elkarteak kirola eta kultura denon eskuetan egoteko lan egiten duela.

Orain arte aipatutako ekimen hauek aurrera eramateko, klubak bere jardunerako oso garrantzitsuak izan diren espazioak okupatu ditu. Ezin da Klub Deportiboa ulertu bere lokal, taberna eta bulego gabe. Denok ezagutzen dugu gaur egun Toribio Etxeberria kaleko 16an kokatzen diren taberna eta bulegoak, baina Deporra ez da beti bertan kokatuta egon. Bertara iritsi arte kluba beste hiru lokaletatik pasa da. Gaur egungo lokalak taberna berea du, baina lehenengo bilerak beste taberna batzuetan kokatzen ziren, urtebete iraun zuen Maria Angelako lokala edo Isasiko Elorzatarren etxeko kafetegia, kasu. Klubarentzako berezia izan zen Kalbetoi kaleko Tupi tabernan kokatutako lokala, inaugurazio festa ospatu zen eta lokal honek hogei urtez iraun zuen, 1932 eta 1952 urteen artean. Aldiz, Toribio Etxeberriako lokala eraikitzen ari zirela, klubak bertara mugitzeko esfortzuak mereziko zuela pentsatuz, komisio guztiek gastuak murriztea adostu zuten, lokalak 350.000 pezeta balio zituelako. Asko gara horrenbeste urte daramatzan taberna honetatik pasatakoak. Honek beti komunitatea osatzen lagundu du eta klubaren zein beste hainbat elkarteren jarduerak aurrera eramateko egindako bilera formal eta informalagoen testigu izan dira haren paretak.

Hasieran adierazi dugun moduan ezinezkoa da orrialde gutxitan klubaren historia biltzea, beraz hemen soilik oinarri txiki batzuk azaldu dira, kluba gaur egun zer den ulertze aldera, baina honek ez gaitu beste guztia ahaztu edo gutxiestera eraman behar. Ezin ditugu ahaztu espeleologia taldeak Euskal Herriko leizeak ezagutzeko egindako lanak, lasterketak antolatzeko lanak, elurretara eskiatzera joateko aukera ematen duten irteera guztiak, umeak pilotan jolastera animatzen dituen taldea eta beste ehundaka jarduera. Hau lortzeko ezinbestekoa izan da herritarren proposamen eta ekimenak entzuten jakitea eta burutzeko gogoa izatea, Eibar eta bere herritarrak direlako klubaren motorra.

Eta hau guztia egiteaz gain, guztiaren gainetik auzolanaren bidez herria egiteko klubak duen gaitasuna dago. Talde edo kolektiboaren indarra ezinbestekoa da aurrera eramaten diren lanek emaitzak izan ditzaten. Lehen aipatu dugun moduan, gero eta zailagoa da bizi dugun munduan auzolanean oinarritzen diren espazioak aurrera ateratzea, eta are gutxiago ehun urtetan aurrera atera izana. Lan honen adibide dira mendian ipinitako iturriak, mendiko bideen garbiketak eta batez ere modu osasuntsu batean kirola eta horrek inguratzen duen guztia herritar guztien eskuetan jartzeko egiten diren esfortzuak. Eibarko Klub Deportiboan aldatu ez den gauza bakarrenetako bat bere izaera eta helburuak dira, herritik sortu zen eta herriarentzako egiten du bere lana, gutxi ez dena. Aurrera jarraitzen du eta jarraitzeko asmoa du, Eibarko kaleak animatzen, herritarrei jendea ezagutarazten eta aukera ezberdinak eskaintzen, hau da, Eibar eraikitzen, zaila egiten delako Eibar bere Klub Deportibo gabe ulertzea.

Txomin Osoro Gutiérrez