XLVII.
Antzerki Jardunaldiak

Hamabosgarrenez, zenbaki lehen batek apainduko du aurten Eibarko Antzerki Jardunaldien kartela. 47 urte baino gehiago dira Unibertsitate Laborala bere instalazioak erabiltzen hasi zela antzerki-emanaldiak eskaintzen. Urte horietan, ikasleentzat antolatutako eskolaz kanpoko jarduera xume bat Eibarko eta eskualdeko herritarrei zabaltzen joan zen pixkanaka. Urte horietan, Uni-ak lekukoa hartu zion Amaya Antzokian urtero egiten zen antzerki-denboraldiari. Urte horietan, finean, jarduera hau eraldatzen joan da harik eta Euskal Herriko erreferentziazko kultur gertakaria bilakatu arte.

Coliseo antzokiak, Hezkuntza Esparruak eta kaleak hogei konpainiatik gora hartuko dituzte eta baita publiko leial bat ere, urtez urte antzerki-proposamenen xarmak erakarririk jardunaldietara etorri dena. Edizio hau prestatzeko, ohi bezala, ehun antzezlan baino gehiago ikusi dira. Aurtengo egitarauan, hitzak, testuak eta tramak garrantzi handiagoa izango dute, keinu-antzerkiari, zirkuari edo dantzari eskainiko zaien lekua ahaztu gabe.

Aurten erresilientzia ikusi ahal izango dugu literatura unibertsaleko fikziozko pertsonaia femenino handietan, hala nola Poncian edo Celestinan, edo benetako pertsonaietan, esaterako, Eulalia Abaitua edo Hellen Keller aintzidarietan; Nevenkaren istorioaren lekuko izango gara; patuaren irmotasuna sentituko dugu Miguel Delibesen Pacífico pertsonaiarekin edo Ediporekin; edo barre egin ahal izango dugu denboraren iragaiteak berekin dakarren absurdoaren aurrean, Almazenean komediarekin edo N’importe quoi laneko pailazo-koadrilarekin.

Iker Galartza, Lorea Intxausti, Aitziber Garmendia, José Ramón Soroiz, Anabel Alonso, Lolita, Carmelo Gómez, Rafael Alvárez El Brujo, Leandre Clown eta beste hainbesteren antzezpenak ikusi ahal izango ditugu. Lan berriak taularatuko dira, hala nola María Goiricelayarena, Sandra Ferrúsena, David Caiñarena, Jon Gerediagarena edo Alex Gerediagarena; La Celestina edo Ediporen bertsioak; edo Miguel Delibesen La guerra de nuestros antepasados. Gazteek egindako antzerkia ere egongo da Pabilioi 6 Gaztearekin. Afizionatuen antzerkiak izango ditugu Banarterekin, eta Golden Appel Quartetek agur esango dio Eibarko publikoari.

Aurtengo antzezlanen artean eibartarren presentzia ere izango dugu. Anabel Diez zuzendaria, Kantabrian bizi dena, Eibarrera itzuliko da El jardín de las posibilidades lanarekin; X konpainiak bere azken antzerki-dantza ikuskizuna aurkeztuko du; Fran Lasuenen musika entzungo dugu Andereño ikuskizunean; eta kartela Gorka Aizpurua Serranok, Bartzelonan bizi den eibartarrak, diseinatu du.

Besterik gabe, eskatu nahi dizuet eskuartean duzuen programa arretaz irakurtzeko; eta, beti bezala, aldez aurretik, eskerrik asko etortzeagatik!